domingo, 23 de noviembre de 2014

Aniztasunaren trataera eskolan

Aniztasuna gizarte zein eskolako ezaugarria da. Aniztasunak adierazten digu guztiok berezitasunak ditugula eta bata ez dela bestea bezalakoa. Hezkuntzaren inguruan dauden elementu guztiak ezberdinak izan daitezke: familiak, irakasleak, ikasleak eta abar, baita hauek dituzten trebetasunak, motibazioak, gustuak... ere. Beraz, eskola heterogeneoa da. Hala ere, antzinatik eskola homogeneoa izaten saiatu izan da, ikasle guztiak modu berean irakasten, espazio berberean jartzen, baliabide berdinak erabiltzen... Pentsamendu hauek alboratu eta aniztasuna onartu beharra dago. Eskola-testuinguruari dagokionez, aniztasunak eredu ezberdinak ditu, haien artean hauek aurkitzen ditugu:

1. Ikasteko estiloen aniztasuna. 
2. Ikasteko gaitasunen aniztasuna. 
3. Garapen-mailen eta aldez aurretiko ikaskuntzen mailen aniztasuna. 
4. Erritmoen aniztasuna. 
5. Interes, motibazio eta igurikapenen aniztasuna. 
6. Gutxiengo etniko nahiz gizarteko talde kaltetu edo baztertuen partaide 
izatea. 
7. Gizarteko talde kaltetu edo baztertuen partaide izatea.
8. Eskolaketa desberdina izatea.  

Bestalde, eskolak ezberdintasunera irekitzeko honako hau kontuan hartu behar du: originaltasuna, hetereogeneotasuna, hezkuntza-erantzun bereziak, hezkidetza, kulturartekotasuna, kaltetuenei laguntzeko ekintza positiboak, hezkuntza premiak... Honen aurrean, atzean utzi beharra dago: eredu-ikaslea, homogeneotasuna, erantzun uniformea, etnozentrismoa, sexismoa eta abar.

Aniztasunean esku-hartzeko, irakasleek eginbehar ugari dituzte. Ikasle guztiek aurrera egiteko, haien ezberdintasunak kontuan harturik, irakaslearen lana hau da: ikasleei euren irakaskuntzaren protagonista izaten uztea, laguntza pertsonalizatua eskeintzea, programazioaren malgutasuna, giro egokia sortzea (errespetuzko giroa), ikaskuintza-prozesuari buruzko informazioa ematea ikasleei... Guzti hauek jarraituz gero aniztasuna ikasgelan era egokian landuko da. 

Honetaz gain, ikasgelaren antolamendua alderdi garrantzitsua da aniztasunaren trataerarako. Denbora, espazioa eta taldearen antolamendua garrantzitsuak dira. Taldeari dagokionez, lan indibidualak, talde txikietan eta talde handietan lan egitea komeni da. Hau da, era guztietako taldeak egin, horrela ikasleek errespetua lantzeko, arazoak konpontzeko, bakoitzak duen erritmoa jarraitzeko... Espazioari dagokionez, batetik, ikasleak haien gela dekoratzeko aukera izan beharko lukete eta bestetik, mahaien antolamendua jardueraren arabera mugitu (taldean lan egiteko, eztabaidatzeko...). Denborari dagokionez, ikasleei autonomiaz lan egiteko denbora eman behar zaie, ohiko denbora ez dena ere erabili (ordu batekoa ez dena)... Aipatutako guzti hau aniztasuna lantzeko tresna aproposak dira. 

Amaitzeko, esan beharra dago azaldutakoa eskolan aniztasuna tratatzeko orientabideak izan direla eta hauek jarraitzea komenigarria izango litzatekeela homogeneotasunarekin amaitzeko.



Informazio iturria: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-2459/eu/contenidos/informacion/dig_publicaciones_innovacion/eu_diversid/adjuntos/17_aniztasuna_120/120001e_Doc_EJ_Diversidad_Primaria_e.pdf
Irudiaren iturria: https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEj50LnTUfmBZ8AA9iPg63jcCKaFs9Uq5G42voQ08x33xxGFbOT-g1ulb9WirmJ0ZGWRQ-cFMxlF46jNor9E_0aQFQoHsEVZG-EFxszsfoiXYrz923Vc-Ekx_3o-FSC-nTkPDJwJ3OPk27RD/s1600/diversidad.jpg


No hay comentarios:

Publicar un comentario